martes, 26 de abril de 2011

Historia

AURKEZPENA


IKASTETXEAREN DESKRIBAPEN FISIKOA ETA AIPAMEN HISTORIKOA

Jakin badakigunez, Azkoitiko Ikastola 1969-1970 ikasturtean, 1970ko urtarrilean hain zuzen, sortu zen, baina Ikastolen mugimendua nahiko indar hartzen hasia zen jada 1965. urterako.

Gure herriak ere, beste askok antzo, Elizari eskatu behar izan zion babesa, berehala irekitzekotan ginela eta horretarako Elizaren babesa besterik ez genuela eskatzen legearen aurrean argudiatuz. Esandako egunean jaso genuen erantzuna, baina ez gure gustukoa.

Baina gure gogoa ez zen agortu artean eta, sekula baino gogo biziagoarekin, beste ahalegin bat burutzea erabaki genuen. Udalera jo genuen oraingo honetan.

Elkarrizketa baten ondoren eta udaletxekoek eztabaidatuz gero erantzuna jaso genuen: Ikastola irekitzeko prest zegoela Udala, baina andereñorik ez aurkezteko eskatu ziguten, ez zutela onartuko eta, hots, alkateak erabakita zeukala zein izango zen.

Udalak ordaindu zuenez lehen andereñoaren ikastaroa, bidezkoa zen 1968-1969 ikasturterako izen ematea udaletxean bertan egitea, ikastolak bere izena baitzeraman. Baina gobernadore zibilaren aginduz eta Eskualde Mugimenduko buruaren bitartekotasunari esker, lokal bat alokatu zen. Ondorioz, gauza argi zegoen. Jadanik, Ikastola ez zen udalarena.

1969an indarrean zegoen hezkuntzak ondorengo etapetan zegoen antolatuta:

a) Lehendabizikoa: 6 urtetik 10 urtera bitartekoa;
b) Lehengo Batxilergoa: 10 urtetik 14 urtera bitartekoa
c) Batxilergo Nagusia: 14 urtetik 18 urtera bitartekoa. Eskolaurrerik ez zegoen orduan.

Bien bitartean Hezkuntza Legea aldatu egin zuten, eta hura zela eta, ez zen Lizeoa sortu beharrik izan. Hezkuntza Lege berri hark Oinarrizko Hezkuntza Orokorra (OHO) deritzana, 6 - 14 urte bitartekoa eta, hortik aurrera, Batxilergo Bateratu Balioanitza (BBB) edo Lanbide Heziketa, 14–18 urte bitartekoa, aurreikusten zituen.

Gertakizun bat izan zela eta Azkoitian ikastola sortzeko gure buruhauste aspaldikoari atxiki gintzaizkion berriro ere. Eta, hiru urte luze igaro ondoren, Ikastolak bere ateak ireki zituen azkenean, 1970eko urtarrilaren 7an. Bertaratutakoak: andereño bat eta zazpi umetxo. Baina, ekainerako, ikasturtea bukatu zenerako, baziren 54 neska-mutil eta bi andereño parrokiak «Kantzel» zaharrean utzi zigun 36 metro karratuko gela batean.

Azkoitiko Ikastolak, hainbat eta hainbat herritako ikastolen antzera, arazo ugariei aurre egin behar izan zion: gela falta, tituludun edo gabeko andereñorik eza, jende prestatuaren eza, euskal testu-liburuen gabezia, legezko eskola-liburuak lortu ezina, erakundeetatik diru laguntzarik eza, eta abar luzeagoa. Baina asmo orokor bat zuten guztiek: EUSKARARI EUTSI ETA EUSKARA JASO.

Beste toki batean kokatzeko ahalbideak aztertzerakoan, Artxamendin toki egokirik bagenuela konturatu ginen; alegia, hango sailak behar bezala inguratu eta itxiz gero, umeen jolastokirako egundoko ataria egokitu zitekeela.

Lehen-lehenengo urtetik eta hurrengo urteetan, diru kontua izan ohi zen Batzordearen buruhausterik nagusiena; alabaina, garbi izan zuen beti arazo eta zama astun hura ez zegoela uzterik gurasoen gain bakarrik.

1970-1971 ikasturteko 103 haurretatik 23k Loiolara joan beharko zuten OHOko lehen maila egitera; gainerantzeko 80ak Artxamendin jarraituko zutelarik.

Urte honetan onartu zuten lehendabizikoz hiru herriek aurrekontu bateratu eta orokor bat.

Garai hartan ere baziren bai heziketa arazo franko eta garrantzizkoak. Haietako nagusienetakoa EUSKARA BATUA BAI ALA EZ inguruko eztabaida. Hura zela eta, Loiola bailarakoen arteko batasuna hausteko zorian izan zen.

Halaber, artean erabakitzeke genuen beste auzi bat, hots: ume txikiei hizki txikiz ala handiz, larriz, irakurtzen irakatsi behar zitzaien.

Ikastola sendia ugaltzen ari zen eta 1973-1974 ikasturtean Loiolatik zetozten arazo guztiak: OHOko 4., 5., 6. eta 7. mailakoentzako beste hiru gela egokitu behar ziren ezinbestean.

Bigarren arazoa beltzagoa zen oraindik: irakasleak besteren konturako langileak zirenez gero, Gizarte Asegurantza izan behar zuten ezinbestean. Eta horrelakorik ezean, Ikastola enpresa bat izaki, ez zen legeak agindutakoaren arabera aurkitzen.
Noizbait heldu behar eta azkenean iritsi zen Euskara Batuari buruzko erabakia hartzeko eguna. Eman behar ziren urratsak eman ondoren heldu zen aurrez izendaturiko bozketa eguna, 1975. urteko maiatzaren 24a. Ondorioz, Euskara Batuaren alde zeudenek atera ziren garaile gehiengo handi batez.

1975-1976 ikasturtea bukatzear zegoela berehala konpondu beharreko arazo bat sortu zen. Loiolako geletan ezin zen ume gehiago sartu eta hortaz hiru edo lau gela gehiagoren premia zegoen 1976-1977 ikasturterako. Loiolako Santutegiaren alboan bazen Loiolatxo izeneko eraikin bat. Loiolatxo “Patronato” batena zen. Bertako kideek otsailaren 12an bildu zirenean eraikin honen goiko solairuko gelak uztea erabaki zuten.

Ikastetxe berri baten beharrak aztertzen hasi beharko genukeela ikusi genuen eta, horrela, bailarari zegokion azterketa giza-ekonomiko bat egitea erabaki genuen lehendabizi. SlADECOren azterketak zioenaren arabera, azkoitiarroi zegokigun ikastetxe berri bat eraikitzea, baina ikastetxe berria eraikiko zuen herriak doan lortu beharko zituen horretarako lur sailak.
Herri bakoitzari bere nortasuna eman nahi zitzaion baina hiru herrietan OHOko ikastegi berriak sortuko baziren, arauzko izaera bat sortu beharra zegoen, nahiz elkarte anonimo gisa, nahiz kooperatiba gisa.

Guraso, irakasle eta laguntzaileek hari buruz zuten iritzia jaso ondoren, Irakaskuntza Kooperatiba bat sortzea izango zela egokiena erabaki zen. Horrela, 1977ko apirilaren 22an Baztartxo Antzokian egin zen Batzar Nagusi Berezian aurkeztu ziren Irakaskuntza Kooperatiba berriaren arauak, onartuak izan zitezen. IZARRAIZPE izena eramango zuen Irakaskuntza Kooperatiba hark Batzarkideen baiezkoa jaso ondoren Madrilera igorriak izan ziren onar zitzaten. Beraz, Barne Arautegia onartzerik besterik ez zen geratzen.
1978ko ekainaren 9an Batzar Nagusi Berezi bat egin zen Loiolako Gogartetxean. Eztabaida luze eta zabal baten ondoren eta zuzenketa batzuk ere aintzat hartu zirelarik, onartu egin zen Izarraizpe Irakaskuntza Kooperatibaren Barne Arautegia.
1978-1979 ikasturtearekin ekingo diogu bailarako ikastolen kondairari dagokion bigarren zatiari. Elizaren babespean egotetik, arauzko izaera edo nortasundun ikastetxe bihurtu zen Karmelo Etxegarai Ikastola, aurrerantzean Izarraizpe Kooperatiba.

Nahiko gora-beheren ondoren, Jausoro jauregian bi gela behintzat antolatzea lortu zen azkenean. Gela txikiak ziren zeharo eta haietara zetozen haur guztientzako haina tokirik ez zuen. Hamabost haur soberan zeuden, eta hortaz, Azkoitian geratu ordez Loiolara joan nahi zutenek harako izena eman zezaten eskatu zitzaien gurasoei.

Ikasleen kopuruak gorantz jarraitzen zuen. Loiola leporaino zegoen eta herrietako aurreskoletakoak nora ezean zebiltzan. Arazoari irtenbide bat eman ahal izateko, Gipuzkoako Hezkuntza Saileko Delegaziora jo zuen Batzordeak eta Altzibar Etorbideko Ikastetxe publikoko gelak erabili ahal izateko baimena lortu zen.

Gelen arazoa konpondu zelarik, bada, lur sailen kontua geratzen zen zintzilik. Ikastetxe berriaren premia larria izaki, ezin zen gehiago atzeratu haren eraikuntza; beraz, 1979ko uztailaren 28an Udaletxean eginiko Osoko Bilkuran, erabateko adostasunez onartu ziren baldintza guziak eta horrela, 1979ko irailaren 3an ekin zitzaien eraikuntza lanei.

Ondokoa zen, besteak beste, ikasturte honetako helbururik nagusienetakoa: BBBko ikasketak antolatzea. Ikasketa guztiak, hasi eta bukatu, euskaraz egitea zen denon nahia eta helburua. Beharrizan guziak ondo aztertu ondoren, Batzar Nagusiak baiezko borobila eman zion BBBko ikasketak Loiolan hasteari.

Aldi berean, 1980-1981 ikasturtean, 1980ko irailaren 22an hain zuzen, zabaldu zituen ateak estrainekoz Azkoitiko ikastola berriak.

1990. urtean Artxamenditik aldegiteko garaia heldu zitzaigun. Beraz, hau izan zen Artxamendiko azken ikasturtea. Artxamenditik aldegin ondoren, 1990-1991 ikasturtean, Udalak Jausoron egin zituen gela berrietara joan ziren eskolaurreko lau eta bost urteko umetxoak. Behin-behineko kastetxe honetan ikasturte bakar hau besterik ez zuten egin aipaturiko eskolaurreko haurrek.

1991-1992 ikasturtea ere ezin bereziagoa izan zen. Xabier Munibe Ikastola zabaldu zenetik eta ordura arte sakabanatuta egon zen sendia, berriro bildurik zen OHOko ikastetxeari erantsi zitzaion HHrako eraikin berriari esker.
1993ko otsailaren 19a ekarriko dugu gogora, orduantxe lortu baitzen aurreneko legegintzaldian ezinezkoa zirudiena, hots: Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen Proiektua onartu zuen Eusko Legebiltzarrak egun hartan egindako Osoko Bilkuran. Legea argitaratzen zenetik hasi eta hiru hilabeteko epea izango zuen Ikastolak pribatu izaten jarraitu ala sare publikoan sartu nahi zuen erabakitzeko.

Harrezkero, iragan hurbilean pentsaezina bazen ere, ikastetxe publiko gisa behin betirako finkatu nahiak, borroka latzak lehertarazi izan zituen sare pribatuan jarraitu nahi zutenen eta sare publikoan sartu gura zutenen artean.

Gehiengoaz eta gutxiengoaz ari garelarik, 1994ko ekainaren 6an egindako Batzar Nagusi Bereziko emaitzek azaltzen digute garbi bazkide gehienen nahia zein izan zen: Ikastetxe publikoen sarera biltzeko erabakia berriro hartzea 1993ko maiatzaren 24an hartutako erabakia eta ondorengoak baliozkatuz. Gehiengo handi batez onartu zen.

Pribatuzaleek aurkatu edo inpugnatu egin zituzten akordioak. Bi aukera zeudela zioten, eta egitasmo bi zeudenez gero, Ikastolako ondasunen banaketa proportzioaren araberakoa izan zedin eskatzen zuten.

Epaiketaz-epaiketa hasiak ginen zatiketa gauzatu zen arte eta, tamalez, baita puskaketa suertatu ondoren ere.
1996-1997 ikasturtearekin hasiera emango diogu gure ikastolaren historiaren hirugarren aldiari. Erreforma entzutetsuaren ezarketarekin Hezkuntza munduan aldaketa nabariak gertatu ziren. OHOko ikasketak desagertu ziren eta beste plangintza berri bati hasiera eman zitzaion. Hau zela eta Hezkuntza Sailak “Eskola Mapa” berri bat eratu zuen eta, alde batetik, eskola mapa honen eta, bestetik, publifikazio prozesuaren ezarpenez garai berri bati hasiera eman genion. Unibertsitaterainoko ikasketen planifikazio berria honela araututa gelditu zen:

a)  2 – 6 urte bitartean: HH (Haur Hezkuntza)

b)  6 – 12 urte bitartean: LH (Lehen Hezkuntza)

c)  12 – 16 urte bitartean: DBH (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza)

d)  16 – 18 urte bitartean: DBHO (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren Ondorena) edo  Lanbide Heziketa.

Aldaketa hauek guztiak eragin handiak izan zituzten gure bailarako ikastolen izaeran. Aipatu dugun bezala, gure bailarako ikastolek publifikazio bidearen aukerari heldu zioten eta mapa berriaren kokapenaren arabera honela gelditu ziren bailarako ikastola publifikatuak, lehen Xabier Munibe, Karmelo Etxegarai eta Zestoako ikastola zirenak:

Zestoan: Zestoako Herri Estola (2 – 12 urte bitartean)
Azpeitian: Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai LHI (2 – 12 urte bitartean)
                  Urola Ikastola (12 – 18 urte bitartean)
Azkoitian: Azkoitiko Ikastola Xabier Munibe LHI (2 -12 urte bitartean)
                  Azkoitiko Ikastola Xabier Munibe BHI (12 – 16 urte bitartean)
                  Urola Ikastola (16 – 18 urte bitartean)

Gerora haurtzaindegi publikoa lortu zuen Azkoitiko udalak eta honen kudeaketa Hezkuntza Sailaren Patzuergoaren esku gelditu zen. Baina, nahiz eta Estola Publikoak legalki pribatu eta kontzertatuen eskubiderik ez izan haurtzaindegiak kudeatzeko orduan, lotura sendoa lortu nahian asko borrokatu zen eta, ondorioz, baita gauzatu ere harreman hau. Aurreneko urratsa, eta oso garrantzitsua, izena lortzea izan zen nahiz eta Hezkuntza Sailak oztopo ugari jarri. Buruko min handien ondoren lortu zen eta honela “Azkoitiko Haurreskola Xabier Munibe” izenarekin bataiatuta gelditu zen haurtzaindegi berria. Azkoitiko “Xabier Munibe” hiru ikastetxeen lotura eginik zegoen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario